Eneko Bilbao jatetxeak Michelin izar bat jaso du

Eneko Bilbao jatetxeak Michelin izar bat jaso du

Eneko Atxa sukaldari bizkaitarrak bost izar lortu ditu dituen hiru jatetxeei esker: Larrabetzun kokatuta dauden Azurmendi*** eta ENEKO, eta Euskalduna Jauregian dagoen ENEKO Bilbao.

ENEKO Bilbao jatetxe berriak Michelin izar bat jaso du, hala jakinarazi dute Lisboa-ko Pavilhão Carlos Lopes pabilioan, 2019ko Espainia eta Portugal Michelin gidako aurkezpen galan.

2018ko maiatzean ireki zituen bere ateak, Eneko Atxak bere lurraldeko parte diren platerak berreskuratu eta eguneratzeko duen gogoan oinarritzen da proiektuaren nortasuna; haurtzaroan bizi eta bertatik jasotako errezetak, ikuspuntu xume, dotore eta kalitate gorenekotik landuta.

Kontzeptua:
ENEKO Bilbao jatetxe berriaren bitartez, Euskalduna Jauregiko hirugarren solairutik, gastronomia bizkaitarraren mamia berreskuratu eta aldarrikatu nahi du sukaldariak bere lantaldearekin batera. Euskalduna Jauregia, gainera, toki perfektua da sukaldaritza bizkaitarra mundu mailan ezagutzera eman eta zabaltzeko.

Gastronomia:
Sukaldariaren lurraz, kulturaz eta tradizioez ari den karta bat da, euskal ekoizleak eta haien lana aintzat harturik. Egungo proposamen bat, Enekoren sukaldaritzaren oinarrietatik sortua: zaporea eta teknika. Karta klasikoa eta dastatzeko bi menu uztartzen dituen egitura batekin, Bizkaiko errezeta-liburu tradizionaleko parte diren errezetekin gozatzeko aukera izango du mahai-lagunak: pil-pila, sukalkia, intxaur-saltsa… denak ala denak ikuspuntu dotore, zuzen eta pertsonal batekin aurkeztuak. Karta bizia eta aldakorra da gainera, dinamikoa, non produktuen sasoia eta Bizkaian dagoen aniztasuna diren protagonista nagusiak.

Espazioa:
Bilboko erdialdea begi-bistan duen espazio irekia, sartu bezain pronto ikusiko da sukaldea jantokian integratua daukala eta bertan emango zaie ongietorria bezeroei.

Bilboko jatetxe hau zabaltzeko orduan, Patricia Urquiola nazioarteko barne-diseinatzaile entzutetsuaren kolaborazioa izan du Enekok. Biek ala biek tradizioa eta modernitatea uztartu dituzte, euskal kulturaren identitate-kanonei erantzunez, elkarte gastronomikoetan, arrantzaleen itsasontzietan, baserrietan eta horien sukaldeetan inspiratuta sortu dute espazioa.

Eneko Atxa:
Osasunaren, elkartasunaren eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoan beti sendo, bere Azurmendi*** jatetxeak, hiru Michelin izarrekin, bigarren aldiz jaso du munduko jatetxerik jasangarrienaren saria, The World’s 50 Best Restaurants zerrendaren eskutik. Gainera, Europako jatetxe onena izendatu du OADek (Opinionated About Dining), eta munduko jatetxerik onena Elite Traveller luxuzko aldizkariak. Eneko Atxak 2015eko Sukalde Buru Onenaren Gastronomia Sari Nazionala jaso zuen, eta European’s Young Leader taldeko parte izan da.